M.Asun Elikadura

Jose Mari eta Maria Asun Polo, M.Asun janari dendaren jabeak

“Digitalizazioa da gure erronka nagusietako bat”

Jose Mari eta Maria Asun Polo senar-emazteak dira, eta “M. Asun elikadura” janari dendaren buru dira. Errenteriako Beraun auzoko Jose Maria Usandizaga kalean dago, eta fruta eta barazkien salmentan espezializatuta dago.

Bizi Errenterian biekin harremanetan jarri gara, eta, besteak beste, egoera berezi hau nola bizitzen ari diren kontatu digute eta saltoki txikien erronken inguruan ere aritu dira. Maria Asun izan da, kasu honetan, gure galderei erantzuten diena. 

– Asko dira Errenteriako historiaz betetako dendak. Zein da zuena?

Gu gara “M.Asun elikadura”-ren bigarren belaunaldia. Beraun auzoan dagoen denda txiki bat da, eta duela 50 urte zabaldu zituen ateak, nire gurasoen eskutik.

Urte asko daramatzagu negozioaz arduratzen, eta denetik bizi izan dugu, une onak eta ez hain onak, baina inoiz ez dugu ikusi bizitzea egokitu zaigun azken urte hau bezalako ezer.

– Zein da zehazki zuen espezialitatea? Zer produktu mota eskaintzen dituzue?

Dendan denetarik saltzen dugu: fruta, ogia, gozoak, urdaitegia, edaria, garbiketa-produktu batzuk… Baina gure espezialitatea fruta eta barazkiak direla esan daiteke.

– Eta horietatik zeintzuk dira gehien saltzen dituzuen produktuak?

– Frutaz eta barazkiez gain, urdaitegiak ere oso ondo funtzionatzen du, kasu guztietan kalitate eta prezio onarekin lan egiten baitugu.

– Posible al da kalitate hori mantentzea, diozun bezala, bizitzea tokatu zaigun egoera honetan? Zailtasunak dituzue zuen ohiko hornitzaileekin lanean jarraitzeko?

Pandemiaren lehen fasea estresagarria eta nekagarria izan zen. Tentsio handiarekin lan egin genuen, asko mugitu behar baiginen nahi genituen produktuak lortzeko. Gure hornitzaile askok zailtasunak zituzten eta, beraz, behin baino gehiagotan huts egin ziguten. Kasu horietan, normalean eskaintzen ditugun produktu batzuk agortuta zeuden eta biltegietara joan behar izanginen. Beraz, oso zaila zen horiek lortzea.

Horrek guztiak asko deskolokatu gintuen, bai gu, bai bezeroak.

Gainera, jendeak beldurra zeukan. Gure bezeroak, batez ere, helduak dira eta, beraz, zaurgarrienak. 

Egia da, hala ere, ez ohiko bezero asko ere etorri zirela eta jendea orokorrean gure saltokian eroso sentitzen zela, emandako arretagatik eta antolakuntzagatik, denda barruan jende asko ez biltzeko antolatu ginelako. 

-Eta bezero berrien joera hori mantendu al da?

Egia esan, denborak aurrera egin ahala, uste dut une hartan hurbildu zen jende berri hori lasaitzen joan dela, merkataritza-guneetako erosketa errutinara itzuli dela eta auzoko denda ahaztu duela.

Betiko bezeroak dira, hain zuzen ere, gu mantentzen gaituztenak eta etxe ondoan konfiantzazko denda bat izatea zein ona den estimatzen dutenak.

– Orain, ordea, egoera delikatuan gaude berriro. Zuen ustez, mugimenduan ezarritako mugek eragin al dute berriro jendearen kontsumoan auzoan? Igartzen al da igoera hori “auzoko bizitzan”?

– Orain bai. Muga berriak daudenez, nabaritzen da jendea gutxiago mugitzen dela eta pixka bat gehiago kontsumitzen duela.

– Eta kontsumo-ohiturak aldatu egin dira? Produktu berriak sartu dituzue zuen establezimenduan?

Ez dugu produktu berririk sartu, baina une jakin batzuetan gauza batzuen salmenta nola handitu den ikusi dugu. Adibidez, konfinamenduan askoz gehiago saldu ziren garbiketa eta desinfekzio produktuak eta edaria, orain bezala. Ostalaritza ixten denean, jendeak etxean edaten du eta edaria dendetan eta supermerkatuan erosten du.

– Nola definituko zenuke saltoki txikia? Zeintzuk dira aipatu duzuen konfiantzazko denda bat hurbil izatearen abantailak?

Merkataritza txikiaren balio nagusiak honako hauek dira: hurbiltasuna tratuan, konfiantza, espezializazioa, tokiko produktua. Guk gure bezeroen gustuak ezagutzen ditugu eta eskatzen digutena ekartzen diegu. Konfiantza osoa dute gugan gure produktuak erostean.

Izan ere, zalantzarik gabe, merkataritza txikia existitu egin behar du, herriko kaleei bizia ematen dielako; aukera ona, berehalakoa eta hurbila da behar den une orotan. Saltoki txikietan erosterakoan, ez dago mugitu beharrik eta horrek guztiak gure ekonomia babesten du eta gure herrian berrinbertitzen dugu.

– Zuen ustez, nori da beharrezkoena kontzientziazio-mezu hori helaraztea?

Gazteek hipermerkatuetan erosteko ohitura handiagoa dute, eta beldur naiz hori ez ote den konpondu beharreko gai nagusia: gazteak kontzientziatzea tokiko merkataritzan erosi behar dela. Beste alderdi batzuk ere aintzat hartzen dituzte, eta ez hainbeste denda bat etxe ondoan izatea. Agian, mugitzeko erraztasun handiagoa dutelako da, eta denbora luzerako erosketa handia egiteko ohitura dutelako.

Konfinamenduan zehar, ordea, bezero gazteagoak sumatu genituen, ezin baitziren hipermerkatuetara joan.

– Beraz, zein dira zuen ustez merkataritza txikiak etorkizun hurbilenean dituen erronka nagusiak?

Gure erronka nagusia ikusgarriago egitea da, batez ere aipatutakoaren aurrean, bezero gazteenen aurrean. Berriro diogu uste dugula kontsumo ohiturak asko aldatu direla belaunaldi berrietan, eta gaur egun asko kostatzen dela bezero mota hori gure gremioan “harrapatzea”.

– Eta eraldaketa digitala?

Zalantzarik gabe, digitalizazioa da gure erronka nagusietako bat. Guk Facebook erabiltzen dugu geure burua ezagutarazteko, eta whatsapp bidez ere eskaerak hartzen dizkiegu hala eskatzen duten bezeroei. Baina, era berean, lehen esan dugun bezala, guerak adineko bezeroak dira eta, beraz, ez dira ohikoak sare sozialetan. Konfinamenduaren ondorioz abian jarri dugu kreditu-txartelarekin erosteko aukera. Lehen ez ziguten eskatzen, baina orain geroz eta gehiago.

– Amaitu aurretik, gustatuko litzaiguke jakitea zer iritzi duzuen Udalak abian jarritako Bizi Errenteria ekimenari buruz…

Bizi Errenteria ekimena bikaina iruditzen zait, denda txikiei ikusgarritasun handia eman baitigu, gure arazoez hitz egiteko eta laguntza jasotzeko aukera eman digu. Bultzada eman digu bizitzen ari garen une zail hauetan.