Elizegi Harategia

Mikel Elizegi, Elizegi Haragitegiko jabea

"Etxez etxeko zerbitzua martxan jartzeak asko lagundu zigun pandemiaren lehen fasean"

Mikel Elizegi gaur egun Niessen merkataritza-guneko merkatu zaharrean dagoen hainbat hamarkadatako familia-negozioaren burua da.

-Ba al dago Elizegi Harategiaren bezain luzea den istorioa labur-labur kontatzerik?

80 urteko historia duen familia-negozioa da, eta bertatik lau belaunaldi igaro dira, ez gehiago, ez gutxiago. Nire aitona-amonak hasi ziren harategiarekin, Miguel eta Benita, gero nire gurasoak, gero nik hartu nuen erreleboa eta orain nire semea hasi da. Denak Errenteriako plazan.

– Bide luzea egin duzue orain arte, eta, beraz, denetarik ikusi eta bizi izan duzue. Hala ere, inor ez zegoen prest zetorrenerako. Nola egin behar zaio aurre horrelako egoera bati? Nola bizi izan zenuten pandemiaren lehen fasea?

Bai, horrela da. Orain arteko bidea oso luzea da. Gauza asko egon dira eta eboluzionatzen joan behar izan dugu, baina inoiz ez dugu horrelakorik ikusi. Pandemiaren lehen fasea kolpe gogorra izan zen. Erdia baino gutxiago fakturatzen genuen, eta orduan etxez etxeko zerbitzua martxan jartzea bururatu zitzaigun eta horrek dexente lagundu zigun.

– Hala ere, elikaduraren sektoreko saltoki bat denez, premia biziko saltokien artean ere egon zineten…

Bai, eta une batzuetan horrek eragin positiboa izan zuen salmentetan, beste sektore batzuetan gertatutakoarekin alderatuta. Baina nik gauza bat argi daukat, eta beti esaten dut, epe luzera begira hau guztiontzat txarra dela.

– Egoera horrek bezero berriak erakarri zituen? Eta, hala bada, joera hori mantendu egin da gero, ala saltoki handien eragina oso nabarmena izan da?

Bezeroak, oro har, bi motatakoak izaten dira beti. Batetik, betiko bezero leialak daude, eta, bestetik, bezero berriak. Lehenengoek bere horretan jarraitzen dute, baina konfinamenduan zehar etorri ziren bezero berri horiek, oro har, ez diera itzuli.

– Eta nola ikusten duzue etorkizun hurbilena? Ematen du zuen kasuan antzeko zerbait gertatu daitekeela berriro. Hau da, martxoko antzeko egoera batera joanez gero, zuen sektorea irekita mantentzea.

Bai, nik uste dut gure motatako saltokiak irekita jarraituko dutela. Hala ere, egoera horrek beldur handia sortzen digu. Adibidez, ixteko beldur naiz, gure taldeko norbait positibo bada, gure produktua galkorra delako.

– Zuen kokapena lagungarria da? Hau da, zure ustez, eragin positiboa al du Niessen bezalako merkatu baten barruan egoteak, gainerako saltokiekin nolabait babestuta edo guztiz kontrakoa?

Kokapena? Egia esan, honetan ez nago ziur. Ezin dizut erantzun bat eman.

– Saltoki txikietan kontsumitzearen abantailak zerrendatzeko orduan, arreta pertsonalizatua da beti nabarmentzen den bertuteetako bat. Hala ere, errealitatea da gero eta globalizatuagoa eta inpertsonalagoa den mundu batean bizi garela, pertsonen arteko harremanen nolabaiteko galerarekin. Zure ustez, hala ere, kontsumitzaileek arreta pertsonalizatu hori baloratzen jarraitzen dute?

Zalantzarik gabe, arreta pertsonalizatua nik uste dut baietz, jendeak asko baloratzen duela. Izan ere, zuk diozun bezala, gure baliorik handiena da: gure bezeroei erostera doan produktuari buruzko aholkuak ematea.

– Eta gazteen kasuan? Erakar al daitezke nolabait tokiko merkataritzara joateko?

Gazteen kasua desberdina da, beraiek “desberdin datoztelako” berez. Teknologiak beste modu batera egin ditu, eta horrek beraiek bezala erabili behar izatera behartzen gaitu,  beraiei gehiago hurbildu ahal izateko.

– Bai, eta, izan ere, saltoki txikien kasuan, etorkizunera begiratzeko orduan aipatzen den beharretako bat haren digitalizazioari buruzkoa da. Zuen kasuan, aldiz, horren jakitun zaretela ikusten da, eta alde horretatik nahiko aktiboak zaretela. Zeintzuk dira zentgzu horretan eman dituzuen urratsak eta nola jarri dituzue euskarri ezberdinak martxan? Zeintzuk dira egunero egiten dituzuen ekintza nagusiak eta nola eragiten dute salmentan eta bezeroekiko interakzio horretan?

Ildo horretan eman ditugun urrats nabarmenenak pandemiaren lehen fasetik aurrera izan ziren, hau da, etxez etxeko zerbitzua martxan jarri genuenetik. Bertan, gure beira-arasaren eguneroko bideo bat grabatzen hasi ginen produktuak eta horien prezioak erakusteko. Gero Facebookera igotzen genuen eta, gainera, bideoa egunero bidaltzen genuen hedapen zerrenda zehatz batera.

Une honetan, ekintza berberak egiten ditugu, baina astean bitan.

– Pauso honek eragin handia izan duela esan dezakegu? Hau da, jendea hurbiltzen da “Facebooken edo Instagramen ikusi” duelako?

Ez, egia esan, ezin dugu hain nabarmena den egoera bati buruz hitz egin. Laguntzen du, bai, baina dena bezala hobetu daiteke eta asko. Gaur egun, negozioak funtzionarazten duena eguneroko presentzia da, gure produktuak ondo aukeratzea eta erostea, ondo erantzutea eta ondo saltzea.

– Jende gazteaz hitz egin dugu, baina helduentzat tokiko merkataritza funtsezkoa da. Pertsona asko ezin dira hain erraz mugitu; askorentzat, egunean zehar izaten duten kontaktu bakarretakoa baino ez da. Saltoki txikien kasuan, zeintzuk dira nabarmenduko zenituzkeen balioak? Zergatik da hain beharrezkoa?

Adineko jendearentzat funtsezkoa da merkataritza txikia, hor ez dago zalantzarik. Oro har, gainera, herrien bizitza da. Nik neuk, Oiartzungo plazakoa naiz eta ikusi eta bizi izan dut bertako saltoki txikien desagerpena. Orain, herria nola aldatu den sentitzen dut. Ez da berdina. Bizitza falta zaio.

– Azkenik, nola baloratzen duzu Udalak abian jarritako Bizi Errenteria ekimena?

Bizi Errenteria ekimena oso ondo dagoela uste dut. Udalerriko merkataritzari eta Errenteriako jendeari mesede egiten dion ekimena delako. Beraz, oso lagungarria da herriarentzat bere osotasunean.